XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Nire maletan? -orain harritu egiten zitzaion.

Bion artean isilunea sortu zen eta berak eten zuen:

- Nire etxean sartu zinen? -jakin nahi izan zuen, sineskaitz.

- Zure maleta nire logelan dago -oldartu nintzaion, garaipena lortu duenaren antzera.

Elkarri begira tinko gelditu ginen. Uste dut batek ere ez zuela oso ondo konprenitzen gertatzen ari zena. Orduan hots batzuk entzun ziren ate-joka. Santi zen.

- Luzaroko duzue? -galdetu zuen etsipen-ahotsez.

- Oraintxe goaz -erantzun zuen Mertxek ahotsa goratuta, eta gero, berriro beheratuta, esan zidan: Zeinen lerdoa, ez dakit nola maitemindu zinen beraz.

Bere komentarioa oso txarto sartu zitzaidan, guztiz zinikoa iruditu baitzitzaidan. Bat-batean, Mertxe barrezka hasi zen. Baina ez neurriko barreaz, barre-algaraka baino.

- Ulertzen dut -errepikatzen zuen-. Oraintxe ulertzen dut dena.

Ni berari begira nengoen, txundituta. Ez nuen zipitzik ere ulertzen gertatzen ari zenaz eta egoera hura ez nuen batere gustuko.

- Ulertzen dut -esan zuen berriro lagunak, barreari eutsi ezinik.

Azkenean lortzea izan zuen eta esan zidan: Zuk daukazun maleta beste neskarena da, New Yorken ezagutu nuena, txartela trukatu nuena.

- Hori ez da horrela, bihotza berriro hitz egin nuen nik, polizia-inspektorearen paperean goitik behera sartuta. Zure inizialak ditu grabatuta.